Mutualia
Prestación por Fallecimiento

Mutualiako Prestazio Ekonomikoen Saileko langile espezializatuek behar besteko aholkularitza emango dizute laneko istripuaren edo gaixotasun profesionalaren ondorioz gertatutako heriotzagatik aurreikusitako laguntzei eta kalte-ordainei buruz. Halakorik jazoz gero, 900 50 60 70 telefonora deitu besterik ez duzu, gurekin harremanetan jartzeko.

Informazio moduan, hona hemen hildakoarekin daukazun harreman pertsonalaren arabera jaso ditzakezun prestazioak:

Alarguntza-pentsioa, zurztasun-pentsioa eta senideen aldeko pentsioa: honakoak izango dira onuradunak: bizirik dagoen ezkontidea edo izatezko bikotekidea (alarguntza), suposamendu zehatzetan; 21 edo 25 urtetik beherako seme-alabak (haien lan-egoeraren arabera) edo adin horretatik gorakoak ere bai, desgaituak izanez gero; eta beste senide batzuk (amak, aitak, aitona-amonak...), betiere, eskakizun zehatzak betetzen badituzte.

Eskakizunak: ez da gutxieneko kotizazio-epealdirik eskatuko.

Zenbatekoa:

        Alarguntza: hildakoaren oinarri arautzailearen %52 (salbuespenetan, %70 ere aitortu daiteke).

        Zurztasuna: oinarri arautzailearen %20, umezurtz bakoitzarentzat. Zenbateko hori alarguntza-pentsioari dagokion %46ren bidez gehitu ahal izango da, ezkontidea bizirik ez badago. Hildakoaren oinarri arautzailearen %100 izango da muga.

        Senideak: oinarri arautzailearen %20.

Kalte-ordain bereziak

Hona hemen onuradunak izan daitezkeen senideak eta jaso ditzaketen zenbatekoak:

Alarguna: alarguntza-pentsioan bezala kalkulatutako oinarri arautzailearen 6 hileko.

Umezurtzak: umezurtzek oinarri arautzailearen hileko bana jasotzeko eskubidea izango dute. Alargunik ez badago, ezkontidearentzako 6 hilekoak umezurtzen artean banatzean dagokien zatia jasotzeko eskubidea ere edukiko dute.

Aita edota ama: 9 hileko, amaren edo aitaren kasuan; eta 12, biak bizirik daudenean, betiere, honako eskakizun hauek betetzen badituzte:

- Heriotzagatiko edo biziraupenagatiko pentsiorako eskubidea daukan seniderik ez badago.

 - Senideen aldeko prestaziorako eskubiderik ez badaukate.

 - Hildakoaren kontura bizi badira.

Heriotzagatiko sorospena

Hildakoaren senideek hiletako gastuak ordaindu dituztenean, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ere izango dute, eta horren zenbatekoa urtero eguneratuko da Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera.