Ongi etorri Prevención10.es-era
2009ko abenduan Omnibus Legeak lan arriskuen prebentzioaren arloan indarrean zegoen legeria aldatu zuen; aldaketetako bat enpresaburuari prebentzioaren kudeaketa bere gain hartzeko aukera ematen zion lege aukera hamar langilera handitzea izan zen. Lege berri horrek, gainera, sinplifikazioaren, kargak murriztearen eta enpresaburuaren prestakuntzaren aldeko apustu irmoa egiten du. Enpresaburuari prebentzio jarduerak antolatzeko beharrezko aholkularitza izateko aukera emango dion laguntza publikoko plana egitea ere onartu zen.
Mikroenpresei laneko segurtasun eta osasun arloko aholkularitza emateko zerbitzu berria garatu du Lan eta Immigrazio Ministerioak. Zerbitzuak Prevención10.es du izena eta Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionalean jarri du martxan autonomia erkidegoen laguntzarekin aipatutako laguntza planari erantzuna emate aldera.
Doako zerbitzu publiko hau abian jartzearekin ondorengo helburu nagusi hau lortu nahi du Lan eta Immigrazio Ministerioak: laneko ezbehar kopurua etengabe eta nabarmen murriztea eta laneko segurtasun eta osasun baldintzak modu jarraituan eta pixkanaka hobetzea, Laneko Segurtasun eta Osasuneko Espainiako Estrategian finkatutako helburuekin bat.
- Lege betebeharrak betetzeko beharrezko prestakuntza, informazioa eta laguntza teknikoa eskaintzen dio enpresaburuari, eta topaleku eta jardunbide egokiak trukatzeko lekua da.
- Enpresan prebentzioa modu eraginkorrean kudeatzeko aukera emango dioten eta irisgarritasun eta segurtasun estandar guztiak betetzen dituzten tresna elektronikoak (doakoak, erakargarriak eta erabiltzen errazak) eskainiko dizkio enpresaburuari, eta sinplifikazioaren eta kargak murriztearen aldeko apustu argia egingo du.

Lan arriskuen prebentzioarekin lotutako guztiaren inguruan administrazio publikoaren aholkularitza eta erantzunak aurkituko dituzte mikroenpresek doan Prevención10.es-en. Horrez gain, beste enpresaburu batzuekin esperientziak trukatu ahal izango dituzte foroaren bitartez, eta liburutegia, informazio sektoriala, albisteak eta abar ditu. Horiei esker egunean egon ahal izango dira beti.
Atariak prebentzio jardueren arrisku-ebaluazioa, plangintza eta jarraipena egiteko metodoaren bi bertsio ditu: evalua-t da bata eta bertsio anonimoa bestea. Lehenak laguntza pertsonalizatua ematen du eta erabiltzaile bezala identifikatzea eskatzen du. Bigarrenera sartzeko «informazio sektoriala» aukerara jo behar duzu.
Hori guztiaz gain, «STOP riesgos laborales» izeneko zerbitzua ere eskaintzen du. Erabiltzaileari arreta eskaintzeko telefono bidezko (901.255.050) zerbitzu horrek evalua-t zerbitzuari etengabeko laguntza ematen dio eta enpresariak ataria erabiltzerakoan eta prebentzio gaietan izan ditzakeen kezkak argitzen ditu.
Programa oso hau 2010eko uztailaz geroztik dago martxan 13 autonomia erkidegotan eta urtearen hasieraz geroztik, berriz, gainerako autonomia erkidegoetan (Katalunian, Valentziako komunitatean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Kanariar uharteetan).


Prebentzioa



