Mutualia Gizarte Segurantzako Lan Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutualitateak eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak «Prebentzio arduradunaren gidaliburua» (sakatu hemen PDF Formatuan deskargatzeko 1533 kb ) aurkezten dute gaur Bilbon. Elkarrekin egindako gidaliburuan, prebentzio arduradunaren gaineko oinarrizko kontzeptuak argitu nahi izan dituzte Mutualiak eta Osalanek. Hain zuzen ere, enpresetan bereziki arriskutsuak diren lanak edo zereginak zaintzeko ardura izaten dute prebentzio arduradunek, betiere laneko istripu edo gaixotasunak saihestea helburu hartuta.

Gidaliburua hiru zatitan banatuta dago. Lehendabizikoan, prebentzio arduradunaren zereginak zehatz-mehatz ezagutzeko gakoak ematen dira, baita prebentzio ekintzetan bere presentzia nola kudeatu behar den argi izateko jarraibideak ere. Horrenbestez, aukeratutako pertsonak izan beharreko gaikuntza, prestakuntza eta esperientzia jorratzeaz gain, prebentzio arduradunaren erantzukizunak zeintzuk diren eta bere presentzia beharrezkoa noiz den ere zehazten da.
Gidaliburuaren bigarren zatiak prebentzio arduradunaren presentzia eskatzen duten jarduera, prozesu eta zereginen zerrenda orientagarria jasotzen du. Horiek horrela, gidaliburuaren lehen bi zatien helburua enpresei zaintza berezia eskatzen duten jarduerak zehazteko eta horiek kudeatzeko modua erabakitzeko laguntza ematea dela esan daiteke.
Hirugarren zatian, aldiz, prebentzio arduradunaren presentzia eska dezakeen balizko egoera bakoitzarentzako fitxa espezifiko bat aurkituko dugu. Hala, balizko egoera horietako bakoitzean prebentzio arduradunak kontuan izan beharreko jarraibideak zehazten dira, bai aldez aurretik, bai zeregin horiek burutzen ari den bitartean, bai behin amaitutakoan. Egoera horietan izan daitezkeen arriskuak eta aplikatu beharreko babes neurriak ere zehazten dira.
«Prebentzio arduradunaren gidaliburua» Bilboko Bidebarrieta liburutegian egindako jardunaldi tekniko baten barruan aurkeztu da. Ekitaldian Miguel Ángel Lujua Mutualiako zuzendari nagusiak eta Jose Antonio Vázquez Osalaneko zuzendariorde teknikoak parte hartu dute. Jardunaldian, hizlari gisa, José Antonio Carnero Lan eta Gizarte Segurantzako ikuskatzailea, Javier Moreno Osalaneko arduraduna eta María del Mar Crespo Mutualiako Prebentzio Departamentuko arduraduna aritu dira.







