Hasiera BONUS

Hasiera

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
(15 botoak, batezbesteko 4.13 5-tik)

 

1.ZER DA BONUSA?


Bonusa lan gertakariengatiko kotizazioetan murrizketak egiteko sistema bat da. Murrizketa horiek lan istripuak gutxitzeko eta prebenitzeko ahalegin berezia egin duten enpresei aplikatzen zaizkie.

 

Sistema honen helburua hauxe da: ezbeharren kopurua murriztearen alde lan eraginkorra egin duten enpresentzat pizgarri bat ezartzea; dela lan arriskuak prebenitzeko inbertsio kuantifikagarriak egin dituztelako, edota lan istripuak eta gaixotasun profesionalak prebenitzeko jarduketa eraginkorrak egin dituztelako.

 

2. NON DAGO ARAUTUTA?


404/2010 Errege Dekretuan, apirilaren 1ekoan. Errege Dekretu horrek lan istripuak gutxitzeko eta prebenitzeko ekarpen berezia egin duten enpresei lan gertakariengatiko kotizazioetan murrizketak egiteko sistemaren ezarpena arautzen du.

TIN/1448/2010 Aginduan, ekainaren 2koan. Agindu horrek martxoaren 31ko 404/2010 Errege Dekretua garatzen du eta aplikagarri diren irizpideak zehazten ditu.


3. NORK ESKA DEZAKE?

 

Gizarte Segurantzan lan gertakariengatik kotizatzen duten enpresa guztiek eska dezakete, baldin eta ondoren adierazitako betebeharrak betetzen badituzte eta eskaerak garaiz eta behar bezala egiten badituzte.


  • 5.000 euro baino gehiago kotizatzen duten enpresek. Azterraldian, lan gertakariengatik 5.000 euro baino gehiago kotizatu duten enpresek.

 

  • Enpresa txiki onuradunek. Gehienez ere lau ekitaldiko azterraldian, laneko gertakariengatik azterraldian 250 eta 5.000 euro arteko kotizazio-bolumena iritsi duten enpresek .

 

4. ZER DA AZTERRALDIA?


Eskaera egin aurreko eta ondoko ekitaldi naturalen kopurua da. 2009az geroztik kontatzen dira eta ezin dira aurreko eskaera baten parte izan. Lau ekitaldi izan daitezke gehienez ere.


Bonusa eskatzen ez duten enpresek gutxieneko kotizazio kopurua betetzen dutenean, beste azterraldi bat hasiko da kontatzen.

 

«Bonus 2013 kanpaina»n, azterraldia ondokoa izango da:

 

a) Urtebetekoa, 2012a, urte horretako ekitaldian laneko gertakariengatik 5.000 euroko kotizazio bolumena gainditu duten enpresentzat, aurreko kanpainan eskaera aurkeztu baldin bazuten.

Urtebetekoa, orobat, 2011n laneko gertakariengatik 5.000 euroko kotizazio bolumena gainditu zuten enpresentzat, aurreko ekitaldi batean edo gehiagotan, eta 2012an eskaerarik aurkeztu ez bazuten.

 

  1. b)Bi urtekoa, 2011 eta 2012a, bi ekitaldien baturan (2011 + 2012) laneko gertakariengatik 5.000 euroko kotizazio-bolumena gainditu duten enpresentzat, betiere, 2011 ekitaldian, 5.000 euroko kotizazio-bolumena gainditu ez badute eta aurreko eskaera bateko parte ez badira.

 

  1. c)Hiru urteko, 2010a, 2011 eta 2012a, hiru ekitaldien baturan (2010 + 2011 + 2012) laneko gertakariengatik 5.000 euroko kotizazio-bolumena gainditu duten enpresentzat, betiere, 2010 + 2011 ekitaldietan, 5.000 euroko kotizazio-bolumena gainditu ez badute eta aurreko eskaera bateko parte ez badira.

 

  1. d)Lau urtekoa, 2009a, 2010a, 2011 eta 2012a, lau ekitaldien baturan (2009 + 2010 + 2011 + 2012) laneko gertakariengatik 5.000 euroko kotizazio-bolumena gainditu duten enpresentzat soilik, betiere, 2009 + 2010 + 2011 ekitaldietan, 5.000 euroko kotizazio-bolumena gainditu ez badute eta aurreko eskaera bateko parte ez badira.

 

  1. e)Lau urtekoa, 2009a, 2010a, 2011 eta 2012a, laneko gertakariengatik 5.000 euroko kotizazio-bolumena ez gainditu arren, lau ekitaldiak batuta (2009 + 2010 + 2011 + 2012), gutxienez, azterraldi horretan 250 € kotizatu dituzten enpresa txikientzat.

 



5. ZEIN DIRA BALDINTZAK?


Enpresek betebehar hauek betetzen dituztela egiaztatu behar dute pizgarria lortzeko:

  • Azterraldian, arriskuak murriztera bideratutako inbertsioak egin izana instalazioetan, prozesuetan edo ekipamenduetan. Aipatutako inbertsio horiek dokumentatuta eta kuantitatiboki zehaztuta egotea.
  • Azterraldian, ezbehar orokorren eta muturreko ezbeharren tasen mugak ez gainditzea.
  • Gizarte Segurantzarekiko kotizazio betebeharrak egunean izatea. Egoera horrek eskaeraren aldi osoan iraun beharko du, eskaera epea amaitzen den arte.
  • Behaketa epean bide administrazioan zigor irmorik jaso ez izana lan arriskuen prebentzioari edo Gizarte Segurantzari dagokionez, bi arau-hauste larri edo gehiago edota oso larriren bat egiteagatik.
  • Prebentzio jardueren autoadierazpen ereduan jasotzen diren betekizunak, laneko arriskuen prebentzioaren arlokoak, betetzea.

Azterraldian laneko gertakariengatik 5.000 euro baino gehiago kotizatu duten enpresek jarraian adierazitako ekintza hauetatik gutxienez bi egiaztatu behar dituzte gainera:

 

  • Prebentzio arloan langile kopurua handitu izana (ardura hori duten langileak edo prebentzio zerbitzua)
  • Enpresaren prebentzio sistemari dagokionez, kanpo ikuskaritzak egin izana, nahiz eta legeak horretara behartu ez.
  • Bide-mugikortasun planak egin izana, laneko eta lanerako joan-etorrietan gerta litezkeen istripuak ekiditeko.
  • Azterraldiak iraun artean, gaixotasun profesionalak nozitzeko arriskua duten langileen ehunekoak behera egin duela ziurtatzea.
  • Enpresako lan arriskuak prebenitzeko, kalitatezko sistema eratu eta martxan jarri duela egiaztatzen duen agirialortu izana Espainiako Egiaztapen Erakundeak (ENAC) emandako ziurtagiria duen erakunde baten eskutik

 

Lau urteko gehieneko azterraldian laneko gertakariengatik 250 euro eta 5.000 euro arteko bolumena kotizatu duten enpresek jarraian adierazitako ekintza hauetatik gutxienez bat egiaztatu behar dute:

 

  • Enpresaburuak prebentzio jarduera bere gain hartu izana edota eginkizun hori bete beharko duten enpresako langileak izendatu izana.
  • Enpresaburuak edota prebentzio lanak beren gain hartuko dituzten langileek laneko prebentzioaren alorrean benetako prestakuntza eraginkorra jaso izana.


6. ZER DIRA EZBEHAR OROKORREN ETA MUGAKO EZBEHARREN TASAK?


Ezbehar orokorren eta muturreko ezbeharren tasak hiru dira eta Bonusa lortu ahal izateko ezin dira gainditu.


Gizarte Segurantzari kotizatzeko arauak Estatuko aurrekontu orokorren legeetan jasotzen dira. Bada, arau horiek garatzen dituen aginduak urtero finkatuko ditu aplikatu beharreko Bonusa kalkulatzerakoan aintzat hartu beharreko ezbehar orokorren eta muturreko ezbeharren tasen mugako balioak eta azterraldian lortu beharreko lan gertakariengatiko kotizazio kopurua.

 

 

bonus-formula-eus 


7. BONUSAREN ZENBATEKOA ETA MUGA


Azterraldian laneko gertakariengatik 5.000 eurotik gorako kotizazio-bolumenera iritsi diren enpresen kasuan, pizgarria azterraldiko lan-gertakariengatiko kuoten zenbatekoaren % 5era artekoa izan daiteke, edota % 10era artekoa, azterraldiak ondoz ondokoak badira eta pizgarria aurre-aurreko azterraldian jaso bada. Ezingo du inoiz gainditu egindako inbertsioen osoko zenbateko egiaztatua.

 

Lau urteko azterraldian laneko gertakariengatik 250 euro eta 5.000 euro arteko kotizazio-bolumena izan duten enpresa txikien kasuan, 250 eurokoa izan daiteke gehienez ere pizgarria, lehendabiziko azterraldian, eta 500 eurokoa bigarren azterraldian eta hurrengoetan, baldin eta aurre-aurreko azterraldian pizgarria jaso bada.

 

 

8. ESKABIDEA NOIZ AURKEZTU ETA NOLA IZAPIDETU


Bonusa lortu nahi duten enpresek urte bakoitzeko apirilaren 1etik maiatzaren 15era bitartean aurkeztu beharko dute eskabidea lan gertakarien babesa estaltzen duen mutualitatean —edo erakunde kudeatzailean—.

 

404/2010 Errege Dekretuaren arabera, «enpresatzat» hartzen da IFK berari dagozkion Kotizazioko Kontu-kode guztien multzoa, kotizazio-eraginetarako Jarduera Ekonomikoen Kode Nazional (CNAE) berbera baldin badute.  Alegia, «enpresak» zenbat jarduera-kode dituen, hainbeste eskaera aurkeztu beharko ditu.

«Enpresa» batek mutualitate batean baino gehiagotan babestutako hainbat Kotizazioko Kontu-kode baldin baditu, Kotizazioko Kontu-kode Nagusia babestua dagoen mutuan aurkeztu beharko du eskaera, eta halakorik ezean, Kotizazioko Kontu-kode antzinakoena babestuta dagoen mutualitatean.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, mutualitateak —edo erakunde kudeatzaileak—, aurkeztutako eskabide guztiak aztertu eta betekizunak egiaztatu ondoren, eskatutako pizgarria emateari edo ez emateri buruzko txosten/proposamen ez-loteslea igorriko du Gizarte Segurantzaren Antolaketako Zuzendaritza Nagusira, ekainaren 30a baino lehen.


Txosten/proposamena aldekoa ez denean, erakunde kudeatzaileak edo mutualitateak, txosten/proposamena Gizarte Segurantzaren Antolaketako Zuzendaritza Nagusiari igorri baino lehen, entzunaldiko izapidea zabalduko du enpresarentzat eta prebentzio ordezkarientzat, ados ez daudela adierazten dutenean. Horiek egindako alegazioak txosten/proposamenean sartuko ditu erakunde kudeatzaileak edo mutualitateak, horiei buruz egin duen balorazioekin batera.


9. BONUSA IZAPIDETZEKO AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTUAK

 

  • Eskaera eredua, beteta.
  • Enpresaburuaren egiaztagiria eta autoadierazpena, behaketa epealdian zehar egindako inbertsioen agiri egiaztatzaileraekin batera.
  • Ordezkariaren NANaren, pasaportearen, gidabaimenaren edo atzerritarraren identifikazio zenbakiaren fotokopia.
  • Enpresaren ordezkari izateko ahalmena ziurtatzen duen egiaztagiria.Ordainketak egunean daudela ziurtatzen duen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren egiaztagiria.


10. ESTEKA INTERESGARRIAK